Policromía abigarrada libérricamente desparramada

•Apirila 19, 2010 • Utzi erantzun bat

Pernan Goñi

E eta e

•Apirila 19, 2010 • Utzi erantzun bat

Kiri 2009

E

•Apirila 19, 2010 • Utzi erantzun bat

E

E-k Anjel Ugarte-ren errebolberraren

distira ikusten duenean

pentsatzen du ez ote zaion behartuegia

aterako izpi zuri nabarmena

koadroaren beltzean.

Gezurra dirudi baina E-k bortxaz

egin dituen joan-etorri horietan guztietan

astia hartzen du perspektiba

eta koloreen arteko erlazioaren

inguruan gogoetako egiteko.

Zein den geometriaren neurri

zehatza, zein trazoen lodiera behinena,

espazioa beti ote den iguala. Komisarioek

ez dute entenditzen nola dituen begiratzen

bazter basati haietako zoko ezdeusenak, nola

antzematen dituen ñabardurak haiek

izen bakarrez izendatzen dituzten gauzetan.

Ez dakite ahapeka hitz egiten duenean

ez dela informazio pribilegiatua

gordetzen ari, poema eder hura

ahoskatzen baino;

desolatio, desolationis.

Zeldan sartu eta atzera-aurrera arraro

horiek egiten dituelarik, nola

esplikatu kate eta korapiloak

hainbeste maite dituenari

bolumena eta hutsa adiskidetu

nahi dituela enegarrenez.

Ukabila bilduko du halako batean E-k

eta zelataria adi-adi ipiniko da,

cow-boyaren keinu bera eginez.

Ez jauna, esango dio leunki E-k,

oker zara, ez da hori.

Izan ere,

egia puska bat pasa da hemendik,

eta egiak ez dira zuek uste bezala

harrapatzen.

Beñat Sarasola

bakardadea

•Apirila 19, 2010 • Utzi erantzun bat

Lehengo igandean, asko estimatzen dudan idazle bati egindako elkarrizketan, garuneko pareta likatsuetan itsasten diren esaldi horietako bat aurkitu nuen: “Gaur egun, internetekin eta sakelakoarekin, bakardadea simulakro bat da”. Xaboi-ura bota nion, eta espartzua pasa, baina ezin, ezin kendu esaldia burutik.

Ez zuen arrazoirik falta; eguna alai diezazuke telefono dei batek, beti da pozgarri maite duzun jendearen gutunak irakurtzea. Laguntzen du bakardadea, tarte batez besterik ez bada ere, uxatzen. Baina zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta gutxiago gustatzen zitzaidan esaldia.

Honezkero ez zait sendatuko gaixotasuna: bakardadea jartzen zuen lekuan, kontrakoa idaztera egin nuen proba. Zaila zen: zer da bakardadearen kontrakoa? Adiskidetasuna, maitasuna, komunikazioa, konpainia, elkartasuna, konplizitatea, zer? Bat aukeratu behar eta, maitasunarekin probatu nuen: “Gaur egun, internetekin eta sakelakoarekin, maitasuna simulakro bat da”. Xaboi-ura bota nion, eta espartzua pasa, baina ezin, ezin burutik kendu esaldia. Udaleko garbitzaileei deitu nien, etortzeko azkar, ura behar nuela presioan, kentzeko arren, erdoka bilakatu aurretik, esaldia burutik.

Ez ziren hiru egun, adiskide batek haragiaren beharra aipatu zidala. Ondo dagoela sakelakoa, ondo dagoela internet, ondo daudela plaza birtualak, baina hezur eta haragizko plazak ere behar ditugula, eta akaso, gero eta gehiago. Behar ditugula begiak, ahoak, eskuak, usainak, soinuak.

Aste osoa eman dut, isilik eta mutu, interneten sartuta, dei bat egiteko gogoz. Baina banekien ez zidala hartuko, inkomunikatuta zegoela Erramun.

Xabier Gantzarain

erramun nola ezagutu nuen

•Apirila 19, 2010 • Utzi erantzun bat

Erramun nola ezagutu nuen

Orain dela 25 urte izan zen, 1985 hondarrean. Nik 21 urte neuzkan, idazte-kontuetan hasi berria (artean libururik argitaratu gabea). Antzerkirako zaletasuna nuela-eta, arlo horretako sariketa batean hartu nuen parte: Santurtziko udalak (bere teknikari Koldo Tapiaren ekimenez, nik uste) antolatzen zuen antzerki-testu laburren lehiaketan. “Norena da txapela?” izeneko obra lotsagabe bat aurkeztu nuen, eta irabazteko zortea izan nuen (uste dut irabazle bakarra ez baizik eta hiruzpalau izendatzen zituztela). Saria txikia izango zen, baina horrekin batera edizioa ere bazetorren, eta obra bakoitzak bere marrazkia zeukan, Erramun Landak egina.

Nire antzerkiaren gaia politikoa zen, hiru bat taldek herriaren ordezkaritzat jotzen zuten bere burua, eta horren inguruan sortzen zen halako zalapartatxoa. Gaurtik ikusita, berrirakurri ez badut ere, eskastxoa seguru asko. Hura ilustratzeko, berriz, Erramunek zakil erraldoi bat marraztu zuen, herriaren totem gisa funtzionatzen zuena, eta hor bai sortu zela benetako iskanbila eta astrapala. Izan ere, Santurtziko udalak, PNVko eta PSEko zinegotziak elkar hartuta, liburua erretiratzea erabaki zuten, marrazkia lizuna zela-eta. Uste dut azkenean ez zutela egin (Castañares Bilboko alkate piromanoaren adibidea hurbil zegoen), baina atzera-aurrera dexente ibili zen.

Liburuaren bila ibili naiz, irudia erakusteko, baina ez dut topatu.

Garbi dago oraingoz “haiena” dela txapela. Madrilgo berrien zain, urduri eta beldurrez,

xme

saltoka

•Apirila 19, 2010 • Utzi erantzun bat

Eako barran olatuek harro kolpatzen zuten, berunezko zeruaren azpian. Igande zale gutxi ageri zen itsasoaren oldarraldiei beha. Euriari aurre egiteko prest zeuden ikusleak, horiek bakarrik miretsi zezaketen itsasoaren astinaldi eroak, porlanezko muga jarritakoen aurkako gudu xalo hura. Aste santuko bakantzen aitzakian agertuak ginen han, herritarren artean arrotz. Barraren amaiera aldean, itsasoak indartsuen jotzen zuen mugan, gizon bat ikusi genuen. Olatuen zain zegoen, eta haiek iristean trostan egiten zuen ihes, algara batean, lagunaren argazki kamerari begira. “Ez da ongi atera, zoaz berriz”, ziotsan kameralariak, eta gizona hantxe abiatzen zen, barra gainera, olatuaren kotoizko mihiari ihes egiteko jokoari lotzeko. Ikusizun bitxia zen, zorionaren irudia bera. Hiritartasun hutsalaren kateetatik libro ageri zen gizona ikuskizun urruneko hartan. Biluztu eta barra gainera desafiati igotzeko tentaldiari eutsi nion, zorionez, halakoetarako trebetasuna kostaldekoek bakarrik izaten baitute, ez turistok. Egin izan banu, zaudete ziur, bertako gizonak, Erramun Landak, gartsu hartuko ninduen, kanpotarrak bertakotzeko euskaldunok dugun zera horrekin, baina ez nuen egin. Orain, ozta astebete geroago, ordenagailu aurrean asaldatuta nago neu, izuak jota, eta komisaldegian bera, bizitzaren joko zelaitik apartatuta. Eta halaxe zaude zu ere, Iker, ezin Udane eta Aiur burutik kendu, itsasoaren amorruari saltoka ihes egiteko bitartekoak esku-ahur hustuetan bilatzen. Bila ezazu ongi, adiskide, hantxe gauzkazu, olatuei salto egiteko prest.

LANDER GARRO

erramunen ikasleek espainiako justiziari ( 2 )

•Apirila 19, 2010 • 2 Iruzkin

 
Follow

Get every new post delivered to your Inbox.