katean
KATEAN
(HIKMET, SALOM, ARESTI)
Katean aritu, diogu lan segidakoagatik. Batak hau, besteak hura, burdinazko begiak nola, pieza osatu artekoa da industrian katea.
Lan lotua da katekoa.
Letrekin katean ari zarela, erdal obra bat euskarara ekartzeak maiz samar du ezustekoren bat, irakurlearentzat askotan, itzultzailearentzat tarteka. Neuri aplikatu zitzaidan Nazim Hikmeten Autobiografia poemarekin. Aurrez ez dakit zenbat bider irakurria nuen, Arestiri, nori bada (Lau gartzela, Lur, 1971). Gazteleraz, Visor-eko edizio zahar baten birrinpresioa da apalategian dudana, 1970ean Soliman Salomek turkieratik gazteleratua. Bertan aurkituko duzu egun ere Hikmet poetaz hainbesteko informazioa ematen duen poema hori, Berlin Ekialdean idatzia 1961ean (Otobiyografi jatorrizkoan, turkieraz)
Kontua da 2007ko Durango Azokan Susak bere standean opari emateko Hikmeten poema batzuen bildumatxoa prestatzen hasia nintzela. Arestiren edizioa eta Soliman Salomena nituen eskueran, baina nahikoa iruditu ez eta, frantsesekoaren bila jo nuen. Hasi poema horrekin konparazioak egiten, eta hara. Baziren frantses bertsio hartan ez euskarazkoan ez gaztelerazkoan agertzen ez ziren bertsolerroak. Ingelesekora jo nuen, ez zitzaidan zaila egin. Zerbait ulertzen hasia nintzen. Orduantxe ohartu nintzen banuela Hikmeten poema batzuen liburu bat turkieraz, lagun bati halaxe, fetitxismoz orain dela hogeita bost bat urte eskatuta eta adiskideak zintzo ekarria. Hizkuntza ez jakinagatik, nabarmen ageri ziren Arestik eta Salomek sartu ez zituzten ahapaldiak.
“Hala ere, hogei eta bat urte kunplitu nituenetik,/asko joaten diren lekuetara/ez naiz joaten,/baina kafearen hondakinetan/etorkizuna irakur-erazten dut”
irakur daiteke Arestirenean. Halaxe dator Visorren edizioan gazteleraz
Baina hara non frantsesez:
“Mais là où vont la plupart des gens, je n’y suis pas allé/ depuis 1921:/ à la mosquée, à l’église, à la sinagogue, / au temple, chez le sorcier/ mais j’ai lu quelquefois dans le marc de café”
Eta jatorrizkoan?
“çoğunluğun gittiği kimi yerlere de ben gitmedim 21′den beri/camiye kiliseye tapınağa havraya büyücüye/ama kahve falıma baktırdığım oldu”
Bi dira desberdintasuni nabarmenenak. Arestirenean 21 urte ditu Nazim Hikmeten ni poetiko horrek. Ber maneran, “Desde los 21 años” dio Salomen gaztelerazkoak. Frantsesekoan, ostera, 1921etik atzerako garaiaz ari da. Bestalde, edizio guztietan “1902an jaio nintzen” dio hasierako bertsolerroak, “1920an jaio nintzen” Arestirenak. Nahastea, beraz.
Hutsa, nolanahi ere, ondoren datorrenaren ondoan. Non sartu dira jatorrizkoan zein frantsesekoan ageri diren meskitak, elizak, sinagogak, sorginzuloak euskarazkoan?
Susmoa ez da susmo baina. Artazia da.
Beste zati bat:
“Hogei eta hemeretzirekin hemezortzi ordu tardatu nituen/Prahatik Habanara hegaldatzeko./ 1,951.n, itsaso batean, lagun on baten konpainia onean, heriotzaren gainean ibili nintzen”.
Halatsu gazteleraz ere Soliman Salomek:
“A los cincuenta y nueve, en diez y ocho horas volé/desde Praga a La Habana./ En 1951, en un mar, en compañía de un amigo,/anduve sobre la muerte.”
Baina frantsesez:
“Dans ma cinquante-neuvième anné j’ai volé/ de Prague à La Havane en dix-huit heures./ Je n’ai pas vu Lénine, mais j’ai monté la garde/près de son catafalque en 1924/ En 1961 le mausolée que je visite, ce son ses livres/On s’est efforcé de me detacher de mon parti/ça n’a pas marché/ et je n’ai pas été ecrasé sous les idoles qui tombent. En 1951 sur un mer, en compagnie d’un camarade,/ j’ai marché vers la mort”.
Eta turkieraz:
“elli dokuzumda on sekiz saatta uçtum Pırağ’dan Havana’ya/Lenin’i görmedim nöbet tuttum tabutunun başında 924′de/961′de ziyaret ettiğim anıtkabri kitaplarıdır/ partimden koparmağa yeltendiler beni/sökmedi/ yıkılan putların altında da ezilmedim/951′de bir denizde genç bir arkadaşla yürüdüm üstüne ölümün”
Lehen meskitak, elizak eta gainerako erlijio biltze-leku ukatuak bezala, non sartu da gutxi gorabehera hau liokeen zati oso hau?:
“ez dut Lenin ikusi baina beila egin nuen/haren katabutaren aurrean 1924an/1961ean bisitatu nuen mausoleoa haren liburuak dira/alderdia utz nezan ahalegindu ziren/baina ez zen atera/eta ez nintzen hautsi eroritako idoloen menpean”
Ez dira falta diren zati bakarrak.
Arestik:
“Hiru urterekin, Halep-en, Patxa baten ilobaren ofizioaz jan nuen,/eta hemeretzirekin, Mozkauko unibertsitatean/estudiantearenaz./
Dagoeneko badakigu zer falta den baina:
“on dokuzumda Moskova’da komünist Üniversite öğrenciliği”
Bai, adjketibatua dago Moskuko Unibertsitatea, “komunista” da.
Eta hurrengo lerroan:
“Berrogei eta bederatzirekin berriz ere gertatu naiz Mozkaun,/ eta hamaluatatik olerkiak idazten ditut”.
Baina Moskun bada euskara bidean galdu den zerbait, Komite Zentrala:
“kırk dokuzumda yine Moskova’da Tseka-Parti konukluğu”.
Susmoak zarratzea da geratzen zaigu pauso bakarra. Lasai ederrean esan daiteke Arestiren itzulpen zentsuratuarekin ibili dela orain arte Hikmet irakurtzen irakurle euskalduna. Seguru asko, Arestik berak askorik jakin gabe ibili ere.
Bestela ere artaziak zer ziren ondo zekien Gabriel Arestik itzulpenerako erabili zuen edizioa da moztuta zegoena. Katea, aurrez akastua zetorkion Arestiri. Horregatik datoz bat etenak bietan, horregatik falta dira izen eta adjektibo berberak batean zein bestean.
Leninen aipua, eliza santu apostilikoaren ukazioa, komunista adjektiboa… ezin zentsura espainolagoa bestalde.
Soliman Salom izan zen Nazim Hikmet espainiar irakurleari zein zen erakutsi ziona. 1969an, Adonais bilduman, “Poetas turcos contemporaneos” eman zuen argitara. Hurrengo urtean kaleratu zuen Visor-en, edo nahi bada orduko Alberto Corazón editor-en, urteetan ezagutu den Hikmeten antologia bakarra espainieraz. Lepoa joka liteke hau erabili zuela Gabriel Arestik euskaldunari “Lau gartzela” hura itzultzeko. Haren liburuen artean begiratzea besterik ez dago.
Poeta eta besteak beste Hikmet beraren itzultzaile den Clara Janesi esker dakigu Madrilen bizi izan zela Soliman Salom, turkiar sefardia. Frantsesez eta gazteleraz idazten zuen bere poesia. Hikmeten biografia bat ere prestatu zuen, EPESAn, 1970ean. Poeta ez zen poeta ofizial baina. Ferreteria bat zuen Rios Rosas kalean, eta hantxe, denda atzean zuen idazmakina batean jotzen omen zituen poemak…
iñigo aranbarri
