rebel songs
Rebel Songs ipuinaren zatia (Bilbao, 2010-04-22)
Zortzi eta erdietan —beharbada bederatziak joan dira—, Conway’s tabernatik irten da. Luzaro zurrut egin ostean, zama arindu baliote bezala sentitzen da. Sei pinta edan ditu. Hotelerako bidean, Joyce dublindarraren aurretik igaro behar izan du nahitaez. The prick with the stick, lerdo makiladuna! Barre kontrolatu gabeek hainbat oinezkoren susmoak sortu dituzte. Arriaga Pessoarekin akordatzen da; eta Rubialekin ere akordatzen da, Guggenheimeko Unamuno deskafeinatuarekin. Orduantxe deskubritzen du, oinezko horien belarrietara iristen ez den ooohhhh borobil bat marraztuz, hirurak lotzen dituen argaltasun beldurgarria.
Pentsamenduak Lisboara eramatea erabaki du. Argiaren azken pausalekua, Edorta Jimenezen esanetan. Hasieratik sorgindu zuen Sukar ustelaren urtea nobelaren lehen esaldiak, eta behin eta berriro bueltatzen da harengana Lisboaz ari denean. Hiru estatuetatik argi gehien duena Pessoarena denez, orain duela hamahiru urte Erramun Landa artistari La Brocha galerian erositako koadro batez gogoratu da. Lisboa. Apartamenduko salan du eskegita, berde kirofanoz margoturiko horma batean, zeharo hondaturik. Tonu ilunak dituen mihisea da. Beltzaren gainean trazu grisak daude, trazu bertikalak. Barne belztasuna pintzeletan lehertzen da. Arriagak bere buruari galdetu dio zer dela-eta jarri ote zion Lisboa; non aurki dezakeen han belztasuna. Edozelan ere, fisikoki elkarrengandik urrun dauden honetan, ezin adierazizko kitzikapen bat dakarkio. Haren mardultasuna Pearceren eta Pessoa, Joyce eta Rubialen estatuen argaltasun anorexikoaren kontrako tapoia da, halako azken pausaleku bat.
Lutxo Egia
