botere guztia…
BOTERE GUZTIA…
Jakin dut zure atsiloaldiaz
eta Leninek diost:
«Sarriegitan gertatu da:
historiak hankaz gora egin izan duenean,
alderdi aurrerakoienak ere ez dira gai izan luzaz
beren buruak egoera berrira egokitzeko
eta eslogan berberak erabili izan dituzte,
aldi batez egokiak baziren ere,
dagoeneko esanahia galdu dute;
historiak “bat-batean” hankaz gora
egin izan duen bezain “bat-batean”»*
eta isilik diraut.
Zure eskumuturrak eta zure bikienak
ez direlako berdinak,
telebistaren laukia eta telebistaren laukia
ez direlako berdinak,
preludio bera berriro entzunda
ez preludioa ez zu zeu ez zaretelako berdinak.
Eta dizudan estimuagatik
ez dut prêt-à-penser-aren tiraderatik
ezagutzen nuen lelo bat hartu eta
ezpainetan itsatsi,
lema hori ez zutelako zuretzat asmatu
eskumutur bakoitzari egun bakoitzean
lema ezberdina dagokiolakoan,
eskumuturra beste eskumutur delako
giltza berak lotuta ere
utzi diot «botere guztia
sovietei» oihu egiteari ,
hala izan dadin nahi badut ere.
Hedoi Etxarte
[*V.I.Lenin, Esloganei buruz, 1917ko uztailan]
